Bilbo du abiapuntu gure ibilbideak, eta hango kaietatik ekingo diogu eraldaketa hain sakona izan duen hiri abangoardista hori ezagutzeko bisitaldiari. Itsasadarra da Bilboren bihotza, Guggenheim Museoaz eta gastronomia-gidetako jatetxe onenetako batzuez baliaturik mundua liluratu duen hiriarena. Itsasadarrak bideratzen du hiria itsasorantz. Hango ontzioletan egiten ziren itsasoak zeharkatzen zituzten ontziak, handik irteten eta hara sartzen diren salgaiak, manufakturak eta burdina.
Bere ertzetan bizi eta lan egin duen jende guztiaren ildo nagusia izan da itsasadarra, eta 1893tik Bizkaia zubiak lotzen ditu haren bi ertzak (Getxo eta Portugalete, zehazki). Eta itsasadar guztiek bezala, itsasoa du helmuga. Muskiztik Ondarroaraino, portuz eta marinel-herriez beterik dago Bizkaiko kostaldea, eta garai berrietara egokitzen ongi asmatu du kosta-lerro horrek: Bermeori Tuna World Capital deitzen diote egun; Getxon, berriz, gurutzaontzien kaia dago; Mundakak espiritu errebelde eta surflariari eusten dio, bere olatu ospetsuari esker; eta Gaztelugatxeko Doniene, bada…
Kosta-lerro horren atzean, berriz, mendiak ditugu, guztiaren jatorria eta babeslekua. Han gorde dira euskal kulturaren mitoak eta tradizioak, gure izatearen zati handi bat. Bizkaiko mendietara igotzen da zenbait jende urtea amaitzeko edo hasteko.